HITZA KALEAN. BERTSOAK GLORIAREN KUTSUAREKIN

By | 25/04/2017

Adinekoentzako zentro soziokulturaletako kideek letren hilabetea ospatuko dute poesia errezitaldiak eginez eta eraikin publikoetako beirateak bertsoz betez

Apirilaren 25ean omenaldia egingo diote Gloria Fuertes idazleari, Andre Maria Zuriaren plazan.

Gloria Fuertes idazlearen lana izango da “Hitza kalean” programaren barruko jardueretako askoren protagonista. Adinekoentzako zentro soziokulturaletako kideek apirilean antolatutako programaren bidez, literatur lantegietan egindako lana ezagutarazi eta Liburuaren Eguna —apirilak 23— ospatu nahi dute.

Hilabete hasieratik, adinekoentzako zentroetako irakurketa eta idazketa lantegietako parte-hartzaileek zenbait errezitaldi egin dute (Abetxuku, Herrandarren kaleko eta San Kristobaleko zentroetan), eta bertsoak eta olerkiak idatzi hainbat eraikinetako beirateetan, hala nola gizarte etxeetan (Landatxo, Iparralde), institutuetan (Federico Baraibar) eta abarretan.

Datozen egunetan hiriko beste txoko batzuetara zabalduko dira bertsoak, apirilaren 24an kultur etxeko liburutegira iristeko: bertan kristaletan idatzi eta Gloria Fuertesen lanen irakurketa-maratoia egingo da, Araneko AZSKren eskutik. Orobat, olerkiak irakurriko dituzte Ignacio Aldecoaren eskulturaren aurrean, bai eta Legebiltzarreko tranbia-geltokian ere.

Apirilaren 25ean, asteartea, programa zabal horren ekitaldi nagusia — “Bertsoak Gloriaren kutsuarekin” izenburua duena— egingo da Andre Maria Zuriaren plazan. Idazle ospetsuaren bertsoak eta olerkiak idatziko dituzte lurrean, eta zenbait lan irakurriko. Aranbizkarreko AZSKko kideek Gloria Fuertesen lanetan oinarritutako kantuak abestuko dituzte, eta Txagorritxuko AZSKko kideek mikroantzerkia eskainiko dute.

“Hitza kalean” programako jarduerak apirilaren 26an amaituko dira, Abetxukuko AZSKko “Ikasi poesia errezitatzen eta istorioak kontatzen” lantegiko kideek autobus-geltokian eta Jesus Guridi musika kontserbatorioaren inguruan egingo dituzten ekintzekin.

 

DATOZEN EGUNETAKO PROGRAMA

Apirilak 20 eta 21

Pilar, Zaramaga, San Kristobal eta Ariznabarreko osasun-parkeetako adinekoek Gloria Fuertesen eta AZSKetako literatur taldearen bertso eta aipuak idatzita dituzten panelak jarriko dituzte hiriko zenbait lekutan.

 

Apirilak 24

Goizez:

10:30. Ignacio Aldecoa liburutegiko kristaletan idaztea.

Gloria Fuertes maratoia, Araneko AZSKko “Kazetaritza tertuliak” taldearen eskutik, Ignacio Aldecoa liburutegian.

5 minutuko errezitaldia Ignacio Aldecoaren eskulturaren aurrean.

5 minutuko errezitaldia Legebiltzarreko tranbia-geltokian.

 

Arratsaldez:

18:00. Gloria Fuertesen aipuak eta olerkiak idaztea Casa del Libro liburu-dendan, Herrandarren kaleko AZSKko “Ahozko tradizioa” taldearen eskutik.

18:30. Gloria Fuertesen olerkien errezitaldia Casa del Libro liburu-dendan, Herrandarren kaleko AZSKko “Ahozko tradizioa” taldearen eskutik; iraupena: 40 minutu.

 

Apirilak 25

Andre Maria Zuriaren plaza. “Hitza kalean: Bertsoak Gloriaren kutsuarekin”.

18:00. Landatxo eta Iparralde gizarte etxeetako kaleko hezkuntzako taldeek Gloria Fuertesen aipuak eta olerkiak idatziko dituzte lurrean, klarionez.

18:30. Aranbizkarreko AZSKko “Eskolara, kanta-kantari” lantegiko kideek girotuko dute ekintza, Gloria Fuertesekin lotutako kantuak abestuz.

AZSKko “Mikroantzerkia” lantegiaren errezitaldia.

18:45. Gloria Fuertesen olerki eta bertsoen irakurketa.

19:00. Gloria Fuertesen EZ olerkiaren irakurketa.

Category: IGE